Nafar erreinuaren erdigunean, Nafarroa Garaiak eta Nafarroa Behereak bat egiten duten eremuan, mendilerro txiki eta ez oso ezagun bat aurkituko dugu, Linduseko mendilerroa. Orreaga eta Luzaide lotzen dituen errepidearen mendebaldera pilatzen diren 15 tontor dira eta horietako asko nahiko modu errazean igo daitezke Ibañetako lepotik abiatuta. Mendilerro honetako orografia lasaia da, gora-behera gutxikoa eta gailur gehienek 1.110-1.200 metro dituzte. Girizu dugu guztien artean garaiena, bere 1.279 metroekin. Luzaideko lurretan dago eta Ibañetako lepotik igoera labur eta erraza dauka. Ibilbidea pixkat gehiago luzatu nahi duen mendizaleak beheragotik hasi dezake igoera, Orreagan; edo, bestela, ibilbidea aurrerantz luzatu, Lindus (1.218 m), Axistoi (1.230 m) edo Urtarai (1.152 m) ingururantz.
Informazio praktikoa:
- Orreagatik: 1 ordu (3 km)
- Ibañetatik: 30 minutu (1,5 km)