Malerreka eskualdearen iparraldean 900-1100 metro inguru dituzten mendien segida ikusgarri bat aurkituko dugu. Mendaur (1.131 m) ederra da bertako gailurrik ezagunena, izen bereko mendilerroari hasiera ematen diona sortaldeko muturrean. Mendilerroaren beste muturrean, berriz, sartaldeko erpinean, Idoia gailurra aurkituko dugu, Ezkurrako lurretan. Inguruko mendi gehienak bezala, zelaiz eta goiko mendi-larrez estalitako tontor polita da, inguruko maldetan nagusitzen diren pagadi trinkoekin kontrastatzen duena. Bertatik hurbil Irakurri (1.142 m) aurkituko dugu, mendilerro honetako tontorrik garaiena, eta pixkat harantzago Arriurdiñeta (1.059 m), biak ere 100 mendien lehiaketarako puntuagarriak. Inguru guztian Nafarroa eta Gipuzkoako gailur nagusien ikuspegi paregabea aurkituko dugu.