Malerreka eskualdearen iparraldean mendilerro eder bat aurkituko dugu. Mendilerro hori Malerreka bailararen ekialdean hasten da Mendaur (1.131 m) ezagunarekin eta Idoia (1.062 m) mendiarekin bukatzen mendebaldean. Mendikateari Mendaurrek berak ematen dio izena, berori baita paraje honetako gailurrik garrantzitsuena. Hala ere, mendi-multzo honen mendebaldeko muturrean, Eratsun eta Ezkurra inguruko lurretan, erabat gomendagarriak diren beste laupabost mendi ere aurkituko ditugu eta horien artean Irakurri nagusitzen da, mendilerroko mendirik garaiena 1.142 metrorekin.
Mendizale askorentzat ezezagun samarra izan arren, Ehun Mendien Lehiaketarako puntuagarria da eta Nafarroa iparraldeko ingurune ikusgarrienetako batean dago kokatuta. Tontorretik zabaltzen den ikuspegia paregabea da: Lapurdi eta Donostialdeko kostaldetik hasi eta Pirinioetako gailurretaraino iristen da talaia. Parez pare Aralarko Malloak ikus daitezke eta, pixkat haratako, Aizkorri, Anboto, Beriain, Izaga, Saioa, Adi eta beste hainbat tontor ezagunen siluetak. Nekez aurkituko dugu Euskal Herri osoan horren ikuspegi zabala daukan begiratokirik.
Horrez gain, historiaurreko aztarna megalitikoz josita dagoen ingurune honek paisaia-balio handia ere badu: magaletako pagadi sakonek eta tontorretako larre nahiz iraztoki irekiek nortasun berezia ematen diote parajeari, mendeetan zehar tokiko abeltzaintzari erabat lotuta egon den eremuan.