Orreaga eta Luzaide lotzen dituen Ibañeta lepoaren ingurua leku ederra da mendizalearentzat. Ibañetatik ekialderantz Ortzanzurieta-Urkuluko mendilerroa daukagu; mendebalderantz, berriz, Linduseko mendilerroa. Azken horretan 15 tontor inguru aurkituko ditugu, erdiak Luzaideko eta Erroibarko lurretan (Nafarroa Garaia) eta beste erdia Bankan (Nafarroa Beherea). 1.110-1.200 metro inguruko gailurrak dira denak, lasaiak, gora-behera gutxikoak. Girizu eta Lauriñaga dira garaienak (1.279 m), baina Lindusek (1.218 m) ematen dio izena mendilerroari. Azken urteotan, txorizaletasunarekin oso lotuta dago Lindus, Pirinio osoan hegaztien migrazioa jarraitzeko tokirik egokienetakoa baita mendi hau. Hori dela eta, dozenaka txorizale elkartzen dira Linduseko tontor lauean, batez ere abuztu-urri bitartean, beraien prismatiko eta tramankuluekin, Europatik Afrikarantz doazen milaka eta milaka harraparien bidaiak behatzera eta kontaketak egitera. Ibañetako mendatetik abiatuta, ibilaldi lasaia da Lindus tontorreraino, zati gehiena mendi-bide batetik eginez.
Informazio praktikoa:
- Ibañetatik: 1 ordu (3 km)