Montejurra / Jurramendi
(Lizarraldea, Nafarroa Garaia)
Lizarraldeko mendi ezagunenetakoa, gertaera historikoek izaera berezia eman diotelako. Ezagunak dira, batez ere, Jurramendiko guduak, bi Karlistaldietan gertatu zirenak (1835ean eta 1873an). Bietan ere Karlistak izan ziren irabazle eta, harrezkero, Karlisten mendi kuttun eta bilgune bihurtu zen Montejurra. Euskaraz Jurramendi izena ere zabaldu da azken urteotan, nahiz eta gaztelaniazko izenaren itzulpen berria den, XX. mende amaierako (Monte Surra eta Monte Hurra bezalako aldaerak daude lekukotuta). Euskaltzaindiaren eta Euskal Mendizale Federazioaren arabera mendi honen izen ofiziala Montejurra da, euskaraz zein gaztelaniaz. Inguruan ez du beste mendi handirik eta hori dela eta bere silueta nabarmen ikusten da Lizarrerriko inguru gehienetatik. Aipagarria da mendiaren magalean dagoen Iratxeko monasterio ederra, Aiegin. Montejurrarako igoera ere bertan hasi daiteke, Irartxeko monasterioan edo Aiegi herrian. Hegoaldetik ere igo daiteke tontorreraino, Arellanon hasita eta malda gutxiago daukan ibilbidea jarraituz.
Informazio praktikoa:
- Iratxetik: 2 ordu (4,5 km)
- Arellanotik: 1,5 ordu (4 km)