Cookieak itxi
Itxi

1000 eta 1.200 metro bitarteko mendiak Soingo Gaina

1.039 metro
Mendaur mendilerroa - Eratsun (Nafarroa Garaia)

Eratsun inguruko lurretan gora eginez iristen da Soingo gainera. Nahiz eta tontorretik gertu hainbat antena eta azpiegitura egon (Eratsun paretik datorren nekazaritza-pista bati esker kotxez iritsi daiteke bertaraino), inguruneak bere mendi-izaera eta balio kulturala gordetzen ditu.

Mendi honen elementurik erakargarriena bere magalean aurkituko dugun zutarria da, Iruñarri izenez ezagutzen dena. Euskal Herriko monumentu megalitiko garrantzitsuenetako bat da Iruñarri zutarria. 3 metroko garaiera dauka, metro beteko zabalera eta 25 zentimetroko lodiera; eta zut-zutik dago Soingo gaineko tontorraren hego magalean (errepidetik 20 metro eskasera). Herri-tradizioaren arabera bere itzalak gizaki itxura du, eta kondairak dio Sansonek berak jaurti zuela harritzar hau Berueteko Otsola menditik (Basaburua), harik eta paraje honetan iltzatuta geratu zen arte. Istorio eta aztarna horrek izaera mitologiko berezia ematen dio Mendaur mendilerroko ingurune honi.


BALORAZIO ETA IRUZKINAK


IGOERAK