Mendiak.eus, Euskal Herriko mendien webgunea eta aplikazioa
MENDIAK Codesyntax enpresaren ekimena da, mendizaletasuna bultzatzeko asmoz garatua. Webgune honen helburu nagusia da Euskal Herriko mendien informazio praktikoa eskaintzea mendizaleei eta, horrekin batera, mendizaleen mendi-ibilerak gordetzeko eta elkarbanatzeko modua eskaintzea. Egitasmo honek 2 plataforma ditu:
- Mendiak Aplikazioa, Android eta iOS sistemetarako garatutako APP erabilterraza. Aukera ematen du igoerak markatzeko, mendiak puntuatzeko, igoerak sare sozialetan partekatzeko, eta abar.
- Mendiak.eus webgune hau berau, non aplikazioaren bidez jasotzen diren datuak bistaratzen diren. Igoerak markatzeko eta informazio guztia ikusteko aplikazioa jaitsi behar da.
Ezaugarri nagusiak
- Euskal Herriko mendi nagusien zerrendak, fitxak eta informazio praktikoa: kokapena, altimetria, argazkiak, mapak, eta abar. Une honetan ia 3.000 mendiren informazioa aurkituko duzu.
- Igotako mendiak markatu, gorde eta partekatzeko aukera.
- Aplikazioak estatistika pertsonalak ematen dizkio erabiltzaileari (zeintzu mendi igo dituen, noiz, zenbat aldiz,...). Horrela, aplikazioa, nor berarentzat datu-base eta katalogo pertsonal modukoa ere izango da.
Sailkapena eta ikonoak
Mendien artean filtroak eta sailkapenak egiteko aukera ere izango du erabiltzaileak. Mendirik altuenak, baloratuenak, gertuen daudenak,... Horrekin batera, beste hiru ikono eta filtro ere aurkituko dituzu:
- Mendi Federazioak antolatzen duen 100 mendi-lehiaketarako baliagarri diren mendiak markatuta adierazten dira.
- Haurrekin egiteko moduko mendiak ere beste ikono batekin markatuta aurkituko dituzu.
- Euskal Herriko mendi ederrenak (Eibarko Klub Deportiboaren eskutik)
100 mendien lehiaketa
100 mendien lehiaketa, Euskal Herriko mendi federazioak orain dela 90 urtetik antolatzen duen lehiaketa bat da. Oro har, eta laburbilduz, parte-hartzaileek Euskal Herriko (eta inguruko) 100 mendi ezberdin igo behar dituzte, 5-10 urte bitarteko epean. Urtean zehar, 10-20 mendi bitarte igo behar dituzte, errepikatu gabe, eta asko jota egunean bakarra igota. Lehiaketa horretarako baliagarri diren mendiak ez dira Euskal Herriko guztiak, federazioak aukeratutako 700 inguru baizik. Mendi horiek goian aipatu dugun ikono horren bidez markatu dizkizuegu, jakin dezazuen ea igo duzuen hori baliagarri den lehiaketarako ala ez. 100 mendien lehiaketaren inguruko informazio zehatza, Mendi Federazioaren webgunean.
GPSa: distantziak eta kokapena
Aplikazioari ahalik eta etekinik handiena atera ahal izateko, GPS funtzioa gaituta izatea aholkatzen dizugu. Horrela, gertuen dauden mendien informazioa eta mapak izango dituzu, mendira iristeko ibilbidea ezagutu ahalko duzu, eta abar. Mendi batera daukazun distantzia ere GPS bitartez kalkulatzen dizu gailuak. Gainera, igoera mendi-tontorrean zaudela markatzen baduzu, GPSak konfirmatuko du benetan mendi hori igo duzula, eta zure igoeren zerrendan sigilu bidez adieraziko da igoera hori GPS bidez balidatuta dagoela.
Informazio praktikoa
Mendien fitxetan agertzen diren datu praktikoak (batez ere, distantziak eta igoera-denborak), gutxi gora-beherakoak dira, eta mendizale bakoitzaren gaitasunaren araberakoak, betiere.
Iturriak eta kredituak
Aplikazio hau garatzeko hainbat iturri arakatu eta erabili dira.
- Zerrenda gehienak eta informazio nagusia euskarazko Wikipediatik jaso dira, eta baita Euskal Herriko Mendi Federazioaren zerrendetatik eta OSM mapetatik ere. Mendien aurkezpen-testuak eta informazio praktikoa berariaz sortu dira aplikazio honetarako eta CC-by-sa lizentziapean zabaltzen ditugu.
- Ahal izan den kasu guztietan, mendiaren izena zehazteko orduan, Euskaltzaindiak hartutako erabakiak jarraitu dira (dagoeneko erabakita dituen mendi izenen kasuan, behintzat). Euskaltzaindiaren toponimia ofiziala jarraitu da, hortaz.
- 2023. urtean Gipuzkoako mendietako postontzien informazioa ere eguneratu eta aberastu da, Urdaburu Elkartearen, Gipuzkoako Aldundiaren eta Gipuzkoako Mendizale Federazioaren laguntzarekin.
- Herrien eta probintzien datuak automatikoki ekarri dira Googleren APIa erabiliz. Mendi bakoitza zein herritan dagoen kokatuta, beraz, gutxi gora-beherakoa da (Googlek ematen duena). Kasu batzuetan, herriaren ordez eskualdea zehaztu digu API horrek. Ondoren, eskuzko edizio lana egin dugu datuak orrazteko eta egokitzeko.
- Mapak sortzeko Leaflet kode irekiko liburutegia erabiltzen dugu. Maparen iruditeria Espainiako IGNren, Eusko Jaurlaritzaren GeoEuskadi zerbitzuaren eta OSM zerbitzuarena erabiltzen dugu.
- Oinarrizko argazki-bildumak Panoramiotik ekarri dira 2016ko udazkenean, automatikoki API bidez.
- Informazioa osatzeko (mendilerroak, garaierak, eta abar), goian aipatutako zerbitzuez gain, Euskal Herriko mendien inguruko informazioa eskaintzen duten webguneak kontsultatu ditugu, bereziki informazio zabalena jasotzen duten Mendikat, Luberri eta Wikiloc.
- Aplikazioaren lelo bezala erabili dugun esaldia, "Han goitik itsasoa ikusten da", Julen Gabiriaren izen bereko eleberritik hartu dugu. Mila esker Julen, liburu eder horren izenburua gure lelo eta lema bihurtzearren.
Kasu guztietan, eskuzko lana ere egon da, zerrenda eta datu guztiak zuzendu eta atontzeko. Akatsen bat aurkitzen baduzu, mendiren bat gehitu nahiko bazenu, edo beste edozein iradokizun baduzu guri egiteko, pozarren jasoko genuke zure berri. Twitterren aurkituko gaituzu, edo idatziguzu mezu bat: mendiak@codesyntax.com. Codesyntaxek ez du erantzunkizunik aplikazio honetan egon daitezkeen datu okerren inguruan edo datu oker horiek sor ditzaketen arazo puntualetan.
Erregistroa eta pribatutasuna
Aplikazioa erabiltzeko zure Android profila erabiliko duzu. Zure Google profileko erabiltzaile-izena eta argazkia azalduko zaizkizu aplikazioan.
Zure estatistikak eta argazkiak publikoak izango dira gainontzeko erabiltzaileentzat, eta mendiak.eus webgunean ere erakutsiko dira. Zure estatistikak ezkutatu nahi badituzu, joan zure profilera eta aldatu konfigurazioa datuak ezkutatzeko.
APP honek ez du zure daturik saldu edo komertzializatuko.
Egiletza eta laguntzaileak
Mendiak Aplikazioa eta webgunea Codesyntax enpresaren lana dira. Backend edo zerbitzariko aplikazioa Django eta Pythonen garatu da eta datu-baserako MySQL erabili da. Aplikazioaren interfazea garatzeko Ionic Framework eta React JS erabili dugu. Android eta IOS azpiegitura natiboak inplementatzeko Capacitor JS erabili da.
Proiektu honek Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso du.
..........................................
Diru-laguntzak
Proiektuak ondorengo erakundeen diru-laguntza jaso du: