Iruntxur (tokiko euskaran, Intxur edota Intxurre ahoskatua) Murumendiko mendilerroan dagoen Gipuzkoako mendi bat da. Iruntxurren Burdin Aroko gaztelu zahar edo herrixka baten aztarnak aurkitu dituzte. 2000ko uztailaren 18an, Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna. Iruntxurrekoa Bigarren Burdin Arokoa da. Gipuzkoan, gaur arte, horrelako beste sei baino ez dira aurkitu (Buruntza, Basagain, Murugain, Munoaundi, Murumendi eta Muru). Gainera, modu sistematikoan indusi den bakarra da (Basagain kenduta). Indusketari esker, ordura arte ia jorratu gabe zegoen arkeologia-eremu bat ikertzen hasi da. Bestalde, aro horretako arrastoak ondo kontserbatuta daudela egiaztatu da.