Malkorri Aralar mendilerroan dagoen mendi bat da, Gañetako zirkuaren erdialdean kokatua. Antxitxardiko Punta ere deitzen zaio. Malkorri toponimoa Jesus Elosegik bildu zuen, mendi honetatik gertu dagoen Uidui bordako artzainek sekula entzun ez duten arren. Hala ere, izen honek, mendizale tradizio luzea du. 1943 arte Malkorriren tontorrean egon zen postontzi zaharra da lekuko. Uiduiko borda da Enirioko labarrean kokatuta daudenen artean garrantzitsuena. Gañetaren hegomendebaldean dago. Trikuharri eta beste megalito batzuen kopuru handiak, toki honetako giza presentzia, milaka eta milaka urtekoa dela adierazten du. Toki hau, espeleologia aldetik ere, oso garrantzitsua eta interes handikoa da.