Sollube Bizkaiko mendia da, Bizkaiko deiadar mendietako bat, bere eskualdeko nabarmenetakoa. Gailurra Arrietan dago, baina inguruko hainbat herritatik igotzen da bertara: Sukarrieta, Bermeo, Mundaka, Meñaka,... Mendi estrategikoa izan da historian zehar, baita Euskal Herriko gerra zibilean ere. Bertan izan zen "Sollubeko borroka" deiturikoa; 10 eguneko guda latza izan zen errepublikar eta nazionalen artean, non 1.000 lagun inguru hil ziren.
Bere garrantzi historikoaz gain, Bizkaiko mendi ederrenetako bat ere bada, bere tontorretik izango dugun ikuspegi zabalagatik. Mungialde eta Busturialde gehiena ikusiko dugu bertatik, eta Bizkaiko mendi gehienak ere bai, Serantesetik hasi eta Ogoñoraino, begien parean aurkituko ditugu Ganekogorta, Gorbeia, Mugarra, Anboto, Udalatx, Oiz, Urko eta beste hamaika tontor.
Hala ere, gaur egun tontorra erabat eraldatuta dago. Landaketa exotikoz inguratuta, 6-8 antenarekin eta errepidea gailurreraino, garai bateko edertasunaren zati bat galdu du.
Informazio praktikoa:
- Sollubeko lepotik: 1 ordu (3 km)
- Sukarrieta/Mundakatik: 2,5 ordu (9-10 km)
- Arrietatik (hainbat abiapuntu) 1,5 ordu (4-5 km)