Gipuzkoak 1000 urte!
Gipuzkoak 1.000 urte bete ditu 2025. urtean eta, milurtekoa ospatzeko, Gipuzkoan antolatu diren beste hainbat jardueraren artean, guk ere erronka bereziak gehitu ditugu Mendiak APPean Gipuzkoako Mendizale Federazioarekin elkarlanean eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.
Huescako San Juan de la Peñako monasterioan aurkituriko 1025. urteko agiri batean azaltzen da lehenengoz idatzita Gipuzkoa terminoa (Ipuscua, dokumentu hartan); mila urte igaro dira data hartatik, beraz. Mendizaleok ere ospatu nahi dugu data borobil hori eta Gipuzkoako Mendizale Federazioak eta CodeSyntaxek erronka berri eta bereziak gehitu ditugu Mendiak APPean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.
Lau erronka berri aktibatu ditugu 2025ean, baina horietako bereziena G.I.P.U.Z.K.O.A. 1000 urte izendatu duguna izango da. Gipuzkoak 8 hizki dituela aprobetxatuta eta herrialdeak ere 8 eskualde dituenez, 2025. urtean zehar Gipuzkoako 8 mendi esanguratsu igotzea izango da erronka honen helburua, eskualde bakoitzean bana, hemen azpian aurkituko dituzuen Kurutzebakarra (Debabarrena), Andarto (Debagoiena), Murugil (Urola Kosta), Gazume (Urola), Ausa Gaztelu (Goierri), Uarrain (Tolosaldea), Oindi (Beterri-Donostialdea) eta Munagirre (Bidasoaldea).
Betiko mendirik ezagunenak alde batera utzi dira oraingo honetan (Erlo, Aizkorri, Txindoki, Aiako Harriak...) eta mendi pixka bat ezezagunagoak aukeratu dira erronka honetarako, Mendizale Federazioaren nahia beti izaten baita mendizaleak gure geografia hobeto ezagutzera bultzatzea, mendi eta eskualde berriak bisitatzera animatuz. Mendi ederrak dira eta ez zailegiak, oro har, edozein mendizalek, gazte zein nagusi, igotzeko modukoak. Gipuzkoako mendizaleentzat ez ezik, Euskal Herri osoko mendizaleentzat dago irekita erronkan parte hartzea, noski.
Erronkan parte hartzeko, Mendiak Appa instalatu beharko du mendizaleak, lehendik ez badu, eta bertan markatu beharko ditu 8 mendietara egindako igoerak. Mendi bat igotzen den bakoitzean G.I.P.U.Z.K.O.A. hitzeko hizki bat gehituko zaio, amaieran GIPUZKOA hitza osatu arte. Erronka betetzen duten mendizaleen artean, domina digitalak banatzeaz gain, oroigarriak eta opariak ere banatuko dituzte antolatzaileek. Besteak beste, Gipuzkoako Goimendi Eskolak 10 lagunentzako eskainiko duen mendi-orientazio ikastarorako gonbidapenak, Umeekin egiteko ibilbideak (Gipuzkoa) liburuaren 25 ale eta Mendiak APParen produktu-sorta (kamisetak, txolotak, kantinplorak, eta abar).