Mendia eta historia
1025. urteko agiri batean agertzen da lehenengoz Gipuzkoa izena. Mila urte igaro dira, beraz, lehenengo aipamen hartatik. Milurtekoaren data borobil hori aprobetxatuta, Mendiak Aplikazioan ere erronka berriak proposatu dizkiegu euskal mendizaleei, Gipuzkoako Mendizale Federazioarekin batera eta Gipuzkoako Aldundiaren babesarekin.
2024. urtean Gipuzkoako Mendizale Federazioarekin batera osatutako Gipuzkoako postontzien inguruko erronken jarraipen gisa, 2025. urtean Mendia eta historia izeneko erronka proposatu diegu mendizaleei eta helburua izango da mendi-ibilaldiak ondare historiko eta kulturalaren ezagutzarekin uztartzea. Parte-hartzaileak garrantzi historiko edo kulturala duten 5 menditara igo beharko dira (gazteluak, gotorlekuak, aztarnategiak, historiaurreko lekukotasunak edo tokiko istorio ezagunak dituzten tontorrak).
Hemen azpian aurkituko dituzu Ondarea eta historia erronka honetarako puntuagarri diren mendien zerrendatxoa. 2025. urtean zehar horietako 5 igotzea izango da helburua.
Mendiak Aplikazioak domina birtualak eta ziurtagiriak banatuko dizkie erronka osatzen duten guztiei eta, urte amaieran, hainbat produktu zozketatuko dira parte-hartzaile guztien artean, besteak beste 'Umeekin egiteko ibilbideak (Gipuzkoa)' liburuaren 50 ale eta Mendiak Apparen produktuak (kamisetak, kantinplorak, txolotak eta abar).